Musikazaleak, Euskadiko Orkestrak, FEVAS Plena Inclusión Euskadirekin (Adimen-desgaitasuna duten pertsonen aldeko erakundeen euskal elkartea) lankidetzan bultzatu duen eta adimen-desgaitasuna, garuneko paralisia eta autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten helduei zuzenduta dagoen musika tailerren proiektua da. Ekimena 2024ko urrian hasi zen, eta zortzi hilabetean gauzatu da Bilbon, Donostian eta Gasteizen.
Zortzi hilabeteko musika tailerren ondoren, Musikazaleak proiektua amaierara iritsi da, proposamen berritzaile gisa finkatuz, adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonentzako kultura irisgarri, inklusibo eta parte hartzailearen bidez eraldaketa sozialaren alde eginez. Euskadiko Orkestrak FEVAS Plena Inclusión Euskadirekin lankidetzan bultzatutako ekimenak 24 musika tailer eskaini ditu Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta horietan 43 pertsona helduk hartu dute parte, FEVASeko kide diren 11 erakundetatik etorrita: Apnabi-Autismoa Bizkaia, Aspace Bizkaia, Aspace Gipuzkoa, Atzegi, Goyeneche Fundazioa, Usoa Fundazioa, Futubide, Gaude, Gautena, Gorabide eta Uliazpi.
Musikazaleak-ek desgaitasuna duten pertsonen kulturarako eskubidea berresten du, musika adierazpenerako, garapen pertsonalerako eta gozamen kolektiborako tresna bihurtzen den espazioak sortuz. Ekimena Mikel Cañada Euskadiko Orkestrako Musika Gelako arduradunak koordinatu du, eta Yamel Romero Musikanaiz Zentroko zuzendariak gidatu du.
Proiektua, 2024ko urritik 2025eko maiatzera lan egin duten hiru talde egonkorretan egituratu da, lurralde bakoitzean bat. Esperientzia amaitzeko parte-hartzaileek egindako lana erakutsiko duten hiru entzunaldi egingo dira Bilbo, Donostia eta Gasteizan.
Proiektuak ONCE Fundazioaren, Musikeneko Musika Bitartekotza, Kudeaketa eta Hedapen Masterraren, Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioaren eta Gasteizko Antzoki Sarearen laguntza izan du. Laguntzaileek euren instalazioak eta langileak utzi dituzte tailerrak egiteko, eta, horrela, irisgarritasun kulturalarekin eta inklusioarekin duten konpromisoa indartu dute.
Musikazaleak ARTIS+ (gizarteratzeko artea) proiektu europarraren parte ere bada. Mugaz gaindiko lankidetza-ekimena da, eta desgaitasunagatik edo arrazoi sozialengatik baztertuta geratzeko arriskuan dauden taldeentzat kultura-ekipamenduen irisgarritasuna hobetzea du helburu.
Proposamen horrekin, FEVASek eta Euskadiko Orkestrak 15 urte baino gehiagoko aliantza estrategikoarekin jarraitzen dute, eta horri esker, dagoeneko 1.500 pertsonari baino gehiagori lagundu dieten kultur jarduera inklusiboak gauzatu ahal izan dira. Lankidetza hori kultura irisgarri, parte-hartzaile eta eraldatzailearen alde egin duten kontzertuetan, entsegu irekietan eta sormen tailerretan gauzatu da.